Beschreibung
Ispiluen arteko zirriborroak eleberri laburrak diktadura argentinarraz dihardu. Izenburuari dagokionean, Argentina beti distirari atxikita egon da, hortik ispiluak, baina diktadurak eragindako sarraski giroa dela-eta, mate kolorera jaitsi zen, hortik zirriborroena. Dialektika horretan garatzen da eleberri hau, ikusten denaren eta ikusezintasunaren artean, aurkiaren eta ifrentzuaren artean. Helburua biktimen ondoan jartzea izan da, biktimei ahotsa ematea, beraz, desagertuenganako eta hauen senideenganako hurbilketa dago.
Pertsonaia nagusiak Nagore Larralde du izena. Arretaz eta tentuz mugitzen da errealitatearen eszenatoki desberdinetan zehar. Leku nagusia Kafe Antzokia da, non jendea bere burua psikoanalizatzen aritzen baita tangoen artean. Fikziozko pertsonaiekin batera hezur-haragizko pertsonak ere badaude, zapalketa argentinarra zuzenki sufritu dutenak. Modu honetan narrazioari sinesgarritasuna eman nahi izan zaio. Fikziozko pertsonaiekin joko literarioak harilkatzen dira, modu horretan heteronimia sortuz. Testuak hainbat sinbolo daramatza errealitatearen ifrentzua aztertu ahal izateko.
Honetaz gain, ilustrazioak daude testuarekin bat eginez. Gauza bera gertatzen da poemekin, errealitate anker haren ispiluak direnak.
Autorenportrait
(Bilbo, 1961). Euskal Filologia ikasketak egina da Deustuko Unibertsitatean eta euskarazko irakasle izana zenbait euskaltegitan. Sei poema liburu argitaratu ditu: Eskaileraren bi aldeetan (1986), Itzulbidea (1992), Gelak eta zelaiak (1994), Lore mutuak eta tuaren ezkontzak / Flores mudas y las bodas de la saliva (2006), Labirintoaren orduak (2008) eta Eszenatokietako aztarnak hasten direnean (2011); hurrengo ipuin liburuak: Bidaiarik luzeenak (2005) eta Kartografien eta mikrobio narratiboen artean (2013); eta saiakerok: B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza (2000), "Mimodramak eta ikonoak" gidari, estetikan barrena (2002), Ikuspuntuak artikulu bilduma (2014) eta Entseiukarrean: artea& poesia& literatura (2014). Juan Mari Lekuonaren poesiari buruzko Leiho-oihalen mugetan (1997) saiakeran parte hartu du eta baita Bitoriano Gandiagaren Bizitza itxaropen delako (2001) antologian ere. Bitoriano Gandiagaren poemak gaztelaniara itzuli ditu Zurgai aldizkarirako (2003) eta Juan Mari Lekuonarenak, Gabriel Arestirenak, Xabier Leterenak eta Bitoriano Gandiagarenak elebiduna den Ahotsa, Hitzak, Hizkuntzak. Euskal Olerki-Antologia-rako (2010). Josep Maria Sala-Valldauraren Vidre fumat eta Flors i carboni poema liburuetatik ere zenbait poema itzuli ditu euskarara (2009). Eszenatokietako aztarnak hasten direnean poema liburua itzulita dauka (Primeras huellas en los escenarios, 2012). Bere poemak zenbait aldizkaritan eta poesia antologiatan ere badaude.
Informationen zu E-Books
Individuelle Erläuterung zu E-Books